XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erromatarrak historiaren ikuspuntutik ikusten zituen bere ekintzak. Ekintza militar gogoangarriak kontatu nahi izaten zituzten propaganda politiko gisa.

Erliebean ere, gainerako arte-generoetan oro har gertatu zen modura, bi eragin izan zituzten, etruskoena eta grekoena, baina etruskoena izan zen nagusi, zalantzarik gabe.

Erliebeetan azpimarragarrienetako bat Ara Pacis da, bake augostoarra eta enperadorearen garaipenak ospatzeko eraikitako monumentua.

Aldarearen inguruan familia inperiala dago irudikatuta, bakea ospatzeko sakrifizioa egitera doala.

Erliebea oro har oso aberatsa da adierazkortasunari dagokionez eta erretratuetan ere pertsonaia bakoitzaren nortasuna irudikatzeaz ez dira ahaztu. Aipatzekoak dira, era berean, Trajanoren koloman espiralean dauden erliebeak eta Titoren arkuan daudenak.

Trajanoren garaitik aurrera, hildakoak lurperatzeko ohitura orokortu zen, beraz, sarkofagoak ugaritu egin ziren; gai desberdinei buruzko irudikapenekin dekoratzen zituzten hauek.

Pintura eta mosaikoa

Erromatarren pintura gehiena Ponpeian eta Herkulano-n aurkitutako horma-pinturei esker ezagutu ahal izan dugu. Horrexegatik sailkatu izan da arte-genero hau estilo ponpeiarrak deiturikoetan.

Pinturak oro har freskoak ziren eta, hauek babesteko, koloreen bizitasuna nabarmentzen zuen argizarizko geruza fin bat erabiltzen zuten. Ondorengoak dira lau estilo ponpeiarren ezaugarriak:

- Zaharrena inkrustazio-estiloa zen. Abstraktua zen eta marmol-plaka klasikoak imitatu zituen.

- Bigarrena, estilo arkitektonikoa izenekoa zen. Bista engainatzen saiatzen ziren eta, horretarako, gela bat, adibidez, sistema arkitektonikoak irudikatuz handitzen zuten.

- Hirugarrena, estilo apaingarria zen. Arkitektonikoaren oso antzekoa, baina kasu honetan erlaitzak, lorontziak, horman izekitako koadroak, etab. irudikatzen zituzten, benetakoak izango balira bezala.

- Laugarren estillo ponpeiarrak bi aurrekoen ezaugarriak zituen; horrela, mota desberdinetako forma arkitektonikoak, paisaia fantastikoak eta eszena mitologikoak bateratu zituen. Estilo honen adibiderik argiena Ponpeiako Misterioen Villan dauden horma-pinturak dira.

Pinturaz gain, mosaikoa erabili zuten erromatarrek eraikinen barrualdeak apaintzeko, zoruak eta hormak, zehazki.

Jatorri grekoa zuen opus tesselatum izeneko sistema erabiltzen jarraitu zuten erromatarrek, hau da, kolore desberdinetako harriekin eginiko axuleiu txikiak.

Arte erromatarraren ekarpena opus sectile zen, koloretako harri handien zatiak batuz lortutako lana.

Ez zuen pintura-sentsazioa ematen, baina marmol-lanak eta irudirik gabeko harriak imitatzen zituen.

Irudikatzen zituzten gaiak desberdinak ziren, mosaikoaren kokalekuaren arabera. Azpimarratzekoak dira Ponpeiako Fauno-ren etxean aurkitutakoak eta, Espainian, Ifigenia-ren sakrifizioari buruzkoak, Ampuries-en.

Greka landuez inguratutako tesela txikiekin eginiko mosaikoak mundu erromatar osoan zehar hedatuta zeuden eta, zehazki esateko, etxe edo villetan, Nafarroan zeudenetan esaterako.

Artea iberiar penintsulan

K.a lehen milurtekoan, erromanizazioa baino lehen, aldi berean bizi izan ziren kultura desberdinen fruitu da arte hispaniarra: tartesostarrek eta kolonia feniziarrek eta grekoek egindako ekarpen artistikoek eragin handia izan zuten arte iberiarraren sorreran. Era berean, zelten inbasioek ere izan zuten zerikusirik Espainia atlantiarreko eta iberiarreko forma eta teknika artistikoetan.

Iberiar penintsula erromanizazioa baino lehen

Tartesostarrak

Guadalquivirreko erdiko eta hegoaldeko haranean garatu zen kultura tartesostarra. Kobre- eta eztainu-ekoizpena kontrolpean zuten heinean mantendu zuen bere indarra zibilizazio honek, baina burdina orokortu zenean gainbehera etorri zen.